Euripean eta hasieratik erritmo bizian jokatutako lasterketan, Smartlog Nest Cycling Team-ek sendotasuna erakutsi zuen Euskaldun Txapelketaren lehen hitzorduan. Eguneko ihesaldian presente eta sprinterako talde-lan sendoa eginda, garaipena oso gertu izan zuen taldeak.
Smartlog Nest Cycling Team-ek itxura ona eman zuen Euskaldun Txapelketaren lehen hitzorduan, Zumaian. Euriak eta hasieratik ezarritako erritmo biziak baldintzatutako lasterketan, taldea ausart eta antolatuta aritu zen, eta garaipena oso gertu izan zuen.
Lasterketa abiada handian joan zen lehen kilometrotik, eta tropela hausteko saiakerak etengabeak izan ziren. Testuinguru horretan, Smartlog Nest-ek mugimendu erabakigarrietan presentzia izatea lortu zuen: Aitor Agirre eta Hodei Salaberria eguneko ihesaldian sartu ziren, eta tarte luzez aurrean ibili ziren.
Azken itzulia hasi aurretik, tropelak ihesaldiarekin bat egin zuen. Salaberriak, gainera, erorikoa izan zuen aurrean zihoala eta ezin izan zuen berriro bat egin talde nagusiarekin.
Talde lana Ruiz de Arcaute ondo kolokatzeko
Amaiera sprintean erabakiko zela ikusita, taldea bloke moduan antolatu zen Diego Ruiz de Arcaute ahalik eta ondoen kokatzeko.
Azken metroetan Azurmendi (Eulen) nagusitu zen, eta Ruiz de Arcaute-k bigarren postua eskuratu zuen. Ethan Cabanillas seigarren izan zen, jardunaldi sendoa borobilduz.
Mikel Fernandez zuzendariak taldearen lana nabarmendu zuen: “Pozik gaude, nahiz eta garaipena eskura izan eta lortu ez izanaren pena izan. Talde moduan lehiatu gara, eta horrek konfiantza ematen digu. Bide honetan jarraituz gero, lehenengo garaipena iritsiko da”.
Ruiz de Arcaute ere pozik azaldu zen egindakoarekin, baina penaz lortutako emaitzagatik: “Taldearen aldetik babestuta sentitu naiz une oro. Pena dut ezin izan dudalako egindako lana borobildu. Azken metroetan atzetik nuena hurbiltzen ari zela ikusi dut, eta bigarren postuak zapore gazi-gozoa utzi dit”.
Smartlog Nest Cycling Team-ek bihar ekingo dio berriro lehiari, Espainiako Kopako bigarren hitzorduan, Murtziako Trofeo Guerrita-n, denboraldi hasieran erakutsitako bide onari jarraipena emateko helburuarekin.