Taldea bi txirrindularekin ordezkatua izango da igandeko proban, eta deialdi honek proiektuaren hazkundea eta denboraldi hasieran egindako talde-lana berretsi ditu.
Smartlog Nest Cycling Team Onturreko Udaberriko Sari Nagusian izango da; izan ere, Jon Conejero eta Gabriel Ibañez igande honetako probarako estatuko selekzioarekin aritzeko deitu dituzte.
Bi txirrindulariek sei lagunek osatutako taldean hartuko dute parte, elite eta 23 urtez azpikoen egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako batean. Onturreko honek Challenge Futura berriari emango dio hasiera, txirrindularitza amateurra eta profesionala elkartzeko helburuarekin sortutako egitasmoari.
Conejero eta Ibañezen deialdia taldeak denboraldiaren lehen hilabeteetan egindako lanaren eta txirrindularien bilakaeraren aitortza da, pertsonaren garapen integrala ardatz duen eredu baten barruan. Izen propioetatik harago, deialdi honek talde osoaren lana, inplikazioa eta konpromisoa aitortzen ditu.
Hitzordu honetan Smartlog Nest Cycling Team-en presentziak proiektuaren proiekzioa indartzen du, eta goi mailako lehiaketa-esparruetan aukerak sortzeko duen gaitasuna berresten du, elite eta 23 urtez azpikoen mailan duen lekua sendotuz.
Iñaki Mugarza taldeko kirol arduradunak, modu honetan baloratu du Onturrerako deialdia: “Albiste oso ona da taldearentzat, eta batez ere txirrindularientzat. Egiten ari diren lana eta konpromisoa islatzen ditu. Horrelako hitzorduetan egotea aukera handia da, eta euren garapenerako beste pauso bat da”.