Ibañezek hirugarren postua lortu zuen Muelas del Paneko Sari Nagusian, eta Smartlog Nest Cycling Team-ek garaipena eskuratu zuen taldeko sailkapenean. Padronen jokatutako Espainiako Kopako proban, berriz, Jon Conejerok puntu garrantzitsuak batu zituen sailkapen nagusian hirugarren postuan jarraitzeko.
Smartlog Nest Cycling Team-ek asteburu oparoa osatu zuen. Larunbatean Padronen (Galizia) jokatutako Rutas Xacobeas proban aritu ondoren, igandean Muelas del Panen (Zamora) Gabriel Ibañezek hirugarren postua lortu zuen eta taldeak garaipena eskuratu zuen taldekako sailkapenean.
Jon Conejero Espainiako Kopako sailkapen nagusiko hirugarren postuan zela abiatu zen Padronen, eta taldeak gainera taldeko sailkapeneko lidergoa defendatu behar zuen. 180 kilometroko lasterketa izan zen, hainbat igoerarekin, eta azken zatiko mendate gogorretan erabaki zen neurri handi batean.
Lasterketaren lehen zatia lasaiago joan zen, bost txirrindulariko ihesaldi batek sei minutura arteko aldea hartu baitzuen. Baina ibilbideko zatirik gogorrena hurbildu ahala, erasoak hasi ziren tropelaren buruan. Mugimendu horietan Smartlog Nest beti egon zen presente, Mattin Salegi eta Markel Olaberen bidez, eta Aimar Erostarbe ere oso gertu ibili zen garaipena jokatu zuten hamar txirrindularien taldean sartzetik.
Azken ihesaldi horretan sartzea lortu ez zutenean, Erostarbek eta Ibañezek gogor egin zuten aldea murrizteko. Lan horri esker, Conejerok aurretik zeukan taldearekin bat egitea lortu zuen eta puntu baliotsuak eskuratu zituen, Espainiako Kopako sailkapen nagusiko hirugarren postuan jarraitzeko. 12. helmugaratu zen arabarra.
Taldea, oso aktibo igandean
Igandean, Muelas del Paneko Sari Nagusian -egutegiko proba historikoa, lehen Trofeo Iberduero eta Iberdrola izenez ezagutzen zena-, lasterketa oso bizia izan zen hasieratik. Smartlog Nest berriro ere oso presente aritu zen, ihesaldi eta mugimendu guztiei adi.
Mattin Salegiren lana nabarmendu zen ihesaldi saiakeretan, eta Markel Olabek berriz ere zorte txarra izan zuen, lasterketa erabakitzeko unean zulatu baitzuen. Gabriel Ibañezek hainbat mugimendu garrantzitsutan parte hartu zuen, tartean garaipena erabakiko zuen ihesaldian. Helmugatik 500 metrora egindako erasoa ez zen nahikoa izan garaipena eskuratzeko, baina hirugarren postu bikaina lortu zuen prestigio handiko proban.
Amaierako kilometroetan Diego Ruiz de Arcautek eta Jon Conejerok ere lan bikaina egin zuten, hamargarren eta hamaikagarren helmugaratuta. Emaitza horiei esker, Smartlog Nest Cycling Team-ek garaipena eskuratu zuen taldekako sailkapenean.
Asteburuak agerian utzi du taldearen momentu ona: bi probetan talde-lan sendoa erakutsi zuten txirrindulariek, eta beharrezkoa izan zenean ausardiaz hartu zuten lasterketaren gidaritza.