Arabarrak azken itzulian izandako zulaketa baten ondorioz galdu zuen lehen postuan amaitzeko aukera, Jonathan Lastrarekin lehia ikusgarria izan ondoren. Bestalde, Markel Olabek ere parte hartu zuen proban, hamaikagarren postuan amaitutaz.
Diego Ruiz de Arcaute denboraldiko lehen garaipena lortzeko zorian izan zen. Smartlog Nest Cycling Team-eko txirrindulariak Urdiaingo (Nafarroa) zirkuitu gogor, azkar eta teknikoan lehiatu zen, baina azken itzulian izandako arazo mekaniko batek lehen postuan amaitzeko aukera zapuztu zion.
Probaren hasieratik, Jonathan Lastra, Beñat Fernandez eta Ruiz de Arcaute bera izan ziren lasterketaren buruan. Itzuliak osatu ahala, arabarra nagusitzen joan zen eta bakarrik alde egitea lortu zuen, baina box gunetik metro gutxira zulatze bat izan zuen. Horren ondorioz, zirkuituaren zati bat korrika egin behar izan zuen, bizikleta aldatu ahal izan zuen arte. Lastrak egoera baliatu zuen aurrea hartzeko, eta Ruiz de Arcautek ez zuen berriz harrapatzerik izan, bigarren postuan amaituz.
Bestalde, Markel Olabek ere parte hartu zuen proban, eta hitzorduak erritmoa hartzen jarraitzeko balio izan zion, datorren denboraldiari begira. Arabarrak azken asteetan arazo fisikoak izan ditu, eta Nafarroan lehiatzeak aurrerapauso bat emateko aukera eman dio prestakuntzan.
Atzoko hitzorduarekin, Olabek amaitutzat eman du bere ziklokros denboraldia. Ruiz de Arcaute, aldiz, asteburu honetan Espainiako Txapelketan lehiatuko da, Tarancon-en (Gaztela-Mantxa). Probari “gogo handiz” egingo dio aurre, astero “sentsazio hobeak” baititu.
Smartlog Nest Cycling Team taldeko kirol arduradun den Iñaki Mugarzak positiboki baloratu du Markel Olaberen bilakaera lesioaren ondoren, eta adierazi du lasterketa hauek “erritmo puntua hartzeko baliagarriak” direla, nahiz eta oraindik “ehuneko ehunean egoteko pixka bat falta” zaion. Diego Ruiz de Arcauteren inguruan azpimarratu du “prestaketa lasterketak izan arren, bere maila erakusteko garrantzitsuak” direla. Azken zatian izandako arazo mekanikoaren arren, Mugarzak nabarmendu du Nafarroan biek erakutsitako mailarekin geratzen dela, batez ere.