Aitor Agirre estatuko elite mailako erlojupeko txapeldun bilakatu da

De

Urretxu (Gipuzkoa)

25/06/2026

Zumaiarra estatuko elite mailako erlojupeko txapeldun bilakatu da Sabiñanigon, 25 zentesimagatik erabakitako lehia estu baten ondoren, eta bere ibilbideko lehen elite mailako estatuko garaipena eskuratu du.

Aitor Agirre estatuko elite mailako erlojupeko txapeldun bilakatu da. Smartlog Nest-eko txirrindulariak Sabiñanigon (Huesca) jokatutako txapelketa irabazi du, 31 kilometroko ibilbidea 40:15.46ko denboran osatuta. Garaipena estu-estua izan da, bigarren sailkatuari 25 zentesimako aldea aterata.

Ibilbidea oso gogorra izan da, bereziki lehen zatian, eta hamabi elite txirrindularik hartu dute parte. Agirrek helmugan denborarik onena ezarri zuen arren, azken faboritoak iritsi arte itxaron behar izan zuen garaipena ziurtatzeko. Azkenean, inork ez zuen haren marka hobetzea lortu, eta zumaiarrak berriro jantzi zuen estatuko txapeldunaren maillota.

Agirrek bere lehen estatuko elite mailako erlojupeko garaipena eskuratu du, 2024an 23 urtez azpiko mailan lortutako titulua elite mailakoarekin osatuz. Smartlog Nest-ekin eskuratutako lehen estatuko garaipena ere bada, taldearentzat balio handiko garaipena da, denboraldiko helburu nagusietako bat baitzen. Gainera, denboraldi bikaina osatzen ari da zumaiarra: apirilean Zornotzan Euskadiko elite mailako errepideko txapela irabazi zuen, eta erlojupekoan ere Euskadiko zein Gipuzkoako elite mailako txapeldun da.

Gariapen oso berezia

Lasterketa amaitutakoan, Agirrek ez zuen ezkutatu garaipenak berarentzat duen esanahi berezia: “Oso garaipen berezia da niretzat. Denboraldi hasiera oso gogorra izan da, ama galdu bainuen, eta erlojupeko osoan gogoan izan dut. Txapel hau berari ere eskaini nahi diot”.

Era berean, jasotako babesa ere eskertu nahi izan zuen: “Eskerrak eman nahi dizkiet nire ondoan egon diren guztiei, bereziki familiari eta Smartlog Nest-eko kideei. Txapelketa hau denboraldiko helburu nagusietako bat zen, eta talde honekin lortzeak are bereziagoa egiten du”.

Smartlog Nest-ek asteburuan jarraituko du estatuko txapelketetan lehian. Igandean errepideko elite mailako probari ekingo diote Aitor Agirrek berak, Aimar Erostarbek eta Diego Ruiz de Arcautek. Larunbatean, aldiz, Euskadiko Selekzioarekin lehiatuko dira 23 urtez azpikoen lasterketan Jon Conejerok, Gabriel Ibañezek eta Markel Olabek; Unai Buteauk eta Aimar Lacastak, aldiz, Nafarroako Selekzioarekin

Iñaki Fernandez

Komunikazio eta prentsa arduraduna

i.fernandez@smartlog-group.com

Partekatu hemen:

Beste berri batzuk

Scroll to Top