Hernaniarra garaile izan da Ereñoko Udala Sari Nagusian, eta Euskaldun Txapelketako sailkapen nagusiko lider jarri da 23 urtez azpikoetan egin duen hirugarren lasterketan.
Smartlog Nest Cycling Team-ek lehen garaipena lortu du larunbat honetan Ereñon (Bizkaia), Unax Otegik Ereñoko Udala-Sari Nagusia irabazi ondoren. Proba hau Euskaldun Txapelketako bigarren hitzordua izan da.
Garaipena, gainera, estreinu ezin hobea izan da Otegirentzat 23 urtez azpikoen mailan; izan ere hirugarren lasterketa besterik ez du egin maila honetan. Emaitza horri esker, Smartlog Nesteko txirrindularia Euskaldun Txapelketako sailkapen nagusiko lider jarri da.
Hasiera nahasia izan du lasterketak, une batzuetan neutralizatu behar izan baitute. Baina behin berriro martxan jarrita erritmoa hartu du lasterketak eta Smartlog Nest taldea ondo antolatuta aritu da tropelean, mugimendu garrantzitsuei adi. Eguneko ihesaldiak tartea hartu du une batez, baina taldeak egoera ondo kudeatu eta une erabakigarrian presente egon da.
Natxituko igoeran apurtu da lasterketa. Taldeak ihesaldia harrapatzeko egindako lanaren ondoren, Otegi tropeletik salto egin du Arteagarekin (Eulen) batera, eta biek osatutako ihesaldiak alde oso txikia mantendu du une oro atzetik zetorren taldearekiko.
Lasterketa amaieran erabki da
Azken aldapan, tropela hurbiltzen ari zela ikusita, hernaniarrak eraso erabakigarria jo du eta behar adinako tartea ireki du helmugara bakarrik iristeko. Smartlog Nesteko txirrindulariak bi segundoko aldearekin zeharkatu du helmuga eta besoak altxatu ditu Ereñon, taldearen lehen garaipena lortuz.
Taldeko kirol zuzendari Mikel Fernandezek oso balorazio positiboa egin du emaitzaren inguruan: “Poz handia da taldearen lehen garaipena lortzea, eta are gehiago 23 urtez azpikoetan lehen urtean dagoen txirrindulari batekin egitea. Horrek erakusten du talde osoa oso inplikatuta dagoela eta denok norabide berean arraunean ari garela. Horrela garaipenen zerrenda estreinatzea poza handia da”. Fernandezek, gainera, lasterketan izandako erorikoetan kaltetutako txirrindulariei ahalik eta lasterren sendatzea opa die.
Bere aldetik, Otegik berak azaldu du nola lortu duen garaipena: “Hainbat aldiz saiatu naiz eta ikusi dut ez zidaetla gehiegi zaintzen, nolabaiteko askatasuna nuela. Mugimendu horietako batean Euleneko txirrindulariarekin joan naiz eta tartea irekitzea lortu dugu. Azken aldapan ikusi dut taldea hurbiltzen ari zela eta dena eman dut erasoa jotzeko, bakarrik iristeko aukerarekin. Oso pozik nago garaipenagatik eta taldeari lehen garaipena eman ahal izan diodalako”.