Smartlog Nest-ek gogotsu ekin dio Espainiako Kopari eta lau txirrindulari sartu ditu lehen 16en artean

De

Don Benito (Extremadura)

22/02/2026

Taldeak anbizioz lehiatu zuen Don Beniton jokatutako Circuito del Guadiana proban, Espainiako Kopako Elite-23 urtez azpikoen lehen hitzorduan. Hasieratik protagonista izan zen, eta lasterketaren zati erabakigarrian jardun sendo eta bateratua osatu zuen: Ruiz de Arcaute laugarren sailkatu zen eta beste hiru taldekide ere lehen 16en artean sartu ziren.

Smartlog Nest Cycling Team-ek indartsu abiatu zuen Espainiako Kopa txapelketako Circuito del Guadiana proba. Egutegi nazionaleko lehen lasterketan, mailako txirrindulari nagusiak bildu ziren egunean, taldea erabakitasunez atera zen 42 kilometroko zirkuituari lau bira ematera. Magacelako igoera labur baina oso gogorra izan zen eguneko gune giltzarria.

Lehen orduan, Mattin Salegik protagonismoa hartu zuen, mugimenduei adi eta ihesaldietan sartzen saiatuz. Taldea ondo kokatuta ibili zen igoeretan, tropelaren aurrealdean, eta tentsio handiko uneetan sendotasuna erakutsi zuen.

Taldeak hartu zuen tropelaren gidaritza

Une erabakigarrienetariko bat probaren azken zatian iritsi zen. Hamar bat txirrindularik osatutako ihesaldiak aldea ireki eta garaipena jokatzeko borrokan sartu zen taldea. Orduan, Smartlog Nest Cycling Team-ek tropelaren aurrealdea hartu zuen ihesaldia mozteko. Elkarlan estuak, errelebo jarraiek eta talde osoaren inplikazioak ihesaldia bertan behera uztea ahalbidetu zuten, helmugara garaipenaren lehian heltzeko konbentzimenduz.

Tropela berriro elkartuta, Magacelako azken igoerak hautsi zuen lasterketa eta bi txirrindularik aurrea hartu zuten garaipena jokatzeko: Valentik (Cortizo) eta Jimenezek (Extremadura). Atzetik, Diego Ruiz de Arcaute laugarren izan zen sprintean. Gainera, Jon Conejero (6.a), Gabriel Ibañez (9.a) eta Aimar Erostarbe (16.a) ere lehen 16en artean sailkatu ziren, talde-lan sendoaren erakusgarri.

Iñaki Mugarzak, taldeko kirol arduradu, balorazio positiboa egin zuen: “Seriotasunez eta konpromiso handiz aritu da taldea. Azken jazarpenak talde guztiaren inplikazioa agerian utzi du. Datorrenari sentsazio onekin aurre egiteko gaude, ilusioz gainezka”.

Ruiz de Arcaute ere pozik azaldu zen lasterketa amaieran: “Taldea oso sendo aritu da egun osoan, eta horri esker amaierara indartsu iritsi gara. Talde-lanarekin geratzen naiz eta badakigu hurrengo lasterketetan ere lehian egoteko prest gaudela”.

Taldeak jarraipena eman nahi die emaitza on hauei Espainiako Kopako bigarren proban, Alcantarillako Trofeo Guerrita-n (Murtzia), eta Euskaldun Txapelketako lehen proban, Zumaian.

Iñaki Fernandez

Komunikazio eta prentsa arduraduna

i.fernandez@smartlog-group.com

Partekatu hemen:

Beste berri batzuk

Scroll to Top